Gaur egun, gure inguruan, erabat onartuta dago soziolinguistika ezinbesteko jakintza dela hizkuntza komunitateetan gertatzen diren prozesuak ulertzeko eta hainbat kontzeptu soziolinguistiko, diglosia esaterako, erabat gizarteratuta daude. Akademian mereziko lukeen lekurik ez duen arren, euskal soziolinguistikak sinesgarritasuna lortu du, egile askoren ekarpen teoriko eta aplikatuen maila handiaren ondorioz. Ez da beti horrela izan, ordea, duela ez asko, soziolinguistikari ukatzen baitzitzaizkion filologiari edo hizkuntzalaritzari aitortutako estatusa eta balioa. Oraingo egoerara heltzeko, ezinbestekoa da aipatzea Soziolinguistika Klusterrak ikerketan eta dibulgazioan egindako lan eskerga.
Esan daiteke, beraz, euskararen hiztun komunitateak bere biziraupenerako garatutako jakintza dugula euskal soziolinguistika. Dena dela, handia da oraindik hizkuntzaren biziberritzearen testuinguruan landu gabe dauzkagun arloen multzoa. Soziolinguistikak hezkuntzan izan beharko lukeen lekua da eginbeharrekoen zerrendan gehien nabarmentzen den bat. Garrantzitsua da azpimarratzea hezkuntzan behar duguna ez dela soziolinguistika kontzeptuak azalduko dituen ikasgaia, soziolinguistikaz dakiten irakasleek bideratutako proposamen didaktiko erakargarria eta egituratua baizik. Hau da, soziolinguistika ikasleen motibazioa, hizkuntzarekiko atxikimendua eta erabilerarako ahalduntzea lortzeko markoa izan dadila behar dugu, ez ikasi beharreko kontzeptuen zerrenda bat. Hala izan dadin lan handia egin behar da eskola eta institutuko irakasleekin, baita hezkuntza fakultateetako irakaslegaiekin ere.
Irakasleen trebakuntza helburua duen Motibazioa Sustatzeko Baliabideak webgunean “Soziolinguistika ez da bidea” artikulua argitaratu genuen iaz, gure ustez institutuetan egin behar den lanaren ezaugarriak azaltzeko:
“ Munduan dauden gurea bezalako hizkuntza komunitateetan gertatzen diren fenomenoak ulertzeko, gazteen esperientzia propioak, haien emozioak eta sormen gaitasuna dira erabili beharreko bidea; hizkuntzei, arau sozialei eta haien praktika linguistikoei buruz pentsatzeko aukera emanen dien bidea.”
Esana dago. Orain, jar dezagun praktikan.