“Kultura ez da tresna, premia baizik. Kultura ez da produktua edo ondarea, bere buruari pentsatzeko gai den gizarte baten jarduera esanguratsua baizik.”
Marina Garcesen goiko hitzak gogoratu nituen Xamarrek bere azken liburua aurkeztu zigun egunean, entzulez beteriko Iruñeko Hizkuntza Eskolako aretoan. Xamarren ustez herri kulturaren transmisioa eta dibulgazioa estrategikoa da gure hizkuntza komunitatearen etorkizunerako. Gero eta gehiago gara horrela pentsatzen dugunok, baina, askotan gertatzen zaigun bezala, izugarri kostatzen ari zaigu diagnostikotik egitasmo egituratuen praktikara pasatzea. Horregatik da horren garrantzitsua Xamarren “Biziaroak” liburua eta aurretik egin dituen guztiak: eskura jartzen digutelako gure buruaz pentsatzeko eta identitate kolektiboa berregiteko ezinbesteko jakintza kulturala.
Gizarteak etengabe aldatzen dira, nahi eta nahi ez. Almudena Hernandoren ustez, pertsona eta kulturaren arteko harremana fraktala da, hau da, biak prozesu beraren maila ezberdineko adierazpenak dira. Hortaz, maila kulturalean gertatzen dena hiztunaren mailan errepikatzen da, eta alderantziz. Komunitatearen anemia kulturalak osatu gabeko hiztunak sortzen dituen moduan, bere oinarrietan ongi ainguratutako kultura aberatsak hiztunen motibazio sinbolikoa elikatzen du. Horregatik esan daiteke aspalditik metatutako jakintzaren birsortze eta gaurkotze ekimenek gaitasun performatiboa daukatela eta hiztunen komunitatea egituratzen dutela.
Beraz, bai, euskal hiztunon kultur kapitala handitzea estrategikoa da, errealitate berriak sortzeko, antolatzeko eta bizitzeko gauza izan gaitezen. Aurkezpen egunean Xamarrek esan zuen bezala, tradizioa ezagutu behar dugu iragana ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko.
Argazkia: “Idiak eta lapurrak”
“Biziaroak” liburuan Hartz Handia konstelazio ezagunari buruz jasotako istorioa familiei hurbildu zien era.eus-ek Udako zerua artikuluan, gurasoek mota guztietako baliabideak eskura izan ditzaten atariak egiten duen lan handiaren adibidea.