Bloga

Sinesmenak

Minorizazio prozesua jasan duten hizkuntzak biziberritzeko lanaren gauzarik zailenetariko bat da hizkuntzei buruzko topikoak eta mitoak deseraikitzea. Izan ere, bizitzako arlo guztietan eragina duten hizkuntza hegemonikoen aldeko uste edo sinesmenak hain dira ohikoak eta, ustez, logikoak, non, gehienetan, ikusezin bihurtzen zaizkigun. Hau da, kulturaren osagai neutrotzat hartzen ditugu.

Batzuen ustez, hegemoniaren definizioa horixe da, hain zuzen: aldeko sinesmenen sistema ikusezin bihurtzeko gaitasuna.

Foster Wallaceren istorio laburrak bikain azaltzen du hautematen ez dugun hori. Jarraian Nuccio Ordinek Alferrikakoaren balioa liburuan jaso zuen moduan: [1] (2023:39)

“Baziren behin bi arrain gazte igerian zihoazenak, eta, kasualitatez, kontrako bidean zihoan arrain zahar batekin egin zuten topo; arrain zaharrenak buruaz gazteak agurtu, eta esan zion: Egun on, gazteak. Zer moduzkoa dago ura? Bi arrain gazteek igerian jarraitu zuten, eta azkenean bietako batek besteari begiratu, eta esan zion: Zer arraio da ura?

(…) Arrainen istorioaren muina, besterik gabe, honakoa da: maiz errealitate begi-bistakoenak, nonahikoenak eta garrantzitsuenak dira ikusten zailenak, azaltzen zailenak.”

Bi arrain gazteenei gertatzen zaien bezala, ez gara ohartzen zer den gure existentziaren minutu oroz gure bizileku den ura.

Horregatik da hain interesgarria eta garrantzitsua Marina Massaguerren lana, behin eta berriro aldarrikatu ohi den hizkuntza askatasunaren benetako joko arauak erakusten dizkigulako.

Hizkuntza minorizatuen biziberritzerako kaltegarriak diren mitoak eta sinesmenak deseraikitzen trebatzeko baliabide bikaina duzue joan den maiatzean Tarragonan Massaguerrek egindako mintzaldi laburra. Entzun eta zabaldu:

Marina Massaguer (2024) “Hizkuntzei buruzko mitoak eta sinesmenak”

 

[1] Ordine, N. (2023) Alferrikakoaren balioa, Pamiela

Itsas azpian arrain gorri txikiak arrezifearen ondoan