Bloga

Prestakuntza soziolinguistikoa bigarren hezkuntzan

Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak eskatuta, Bigarren Hezkuntzako Masterreko hasiera ekitaldian soziolinguistikak irakasletzan egin dezakeen ekarpenaz mintzatu nintzen pasa den irailaren 4an.

Eskerrak eman nahi dizkiet masterreko arduradunei, soziolinguistika gaietan aritzen garenok gutxitan baitaukagu akademiako foroetan aritzeko aukera, baita IGOA [1] eta MSB [2] proiektuetako lankideei ere, mintzaldiaren testuingurua azken ikasturteetan haiekin egindako lana baita.

Blogeko ohiko sarrerak baino luzeagoa izateagatik eta ahoz azaltzeko pentsatutako testuak izan ditzakeen ajeengatik aurretik barkamena eskatuta, mintzaldia prestatzeko erabilitako testua zabalduko dut hemen, bigarren hezkuntzan ari diren edo arituko diren irakasleentzat interesgarria izan daitekeelakoan.

Bigarren hezkuntzako irakasleen kontzientzia eta formazio soziolinguistikoa

Jakintza arlo askotatik heldu zarete gaur hona, Hezkuntzaren munduan murgiltzeko helburuarekin. Lantokian espezialitate ezberdinak izanen dituzue baina zuek guztiek irakasle lanbidean komunikazio tresna bera izanen duzue: euskara.

Jakina izan arren, azpimarratu nahi dut euskara biziberritze prozesuan den hizkuntza minorizatua izateak zuen lanbidea, zuen irakasle jarduna, baldintzatuko duela. Beraz, hizkuntza minorizatu batean ikasteak eta irakasteak suposatzen duenaz jabetzea komeni zaizue, eta bide horretan soziolinguistika duzue aliaturik hoberena, soziolinguistika ukipenean dauden hizkuntzen artean eta hizkuntza komunitateen artean gertatzen diren fenomenoak ulertzen laguntzen duen jakintza arloa baita. Zeregin horretan ondoan ditu kontuan hartu beharreko beste jakintza arlo batzuk, nik psikolinguistika eta komunikazioaren gizarte psikologia nabarmenduko nituzke.

Hori entzunda, urrun gelditzen zaizkizuen gauzak aipatuko ditudala iruditu zaizue agian, baina ez da horrela, ziur bainago hurrengo minutuetan zuetako askori oso aspaldikoa ez daukazuen institutu garaiko bizipenak etorriko zaizkizuela burura; soziolinguistika, azken finean, hiztun gisa guztioi gertatzen zaizkigun gauzei buruz mintzo baita.

Bidean ikasia

Euskarak izan duen biziberritze prozesua arrakasta eta porroten historia da eta guztietatik ikasi dugu. Hizkuntza indartzeko ahaleginean ari diren munduko komunitate asko gure ibilbideari begira daude, ez baita oso ohikoa gurean azken hamarkadetan lortutakoa. Euskararen komunitatean, oro har esanda, hizkuntzarekiko atxikimendua eta belaunaldien arteko transmisioa indarguneak dira, baina, zintzoak bagara, esan behar dugu zenbait argi gorri piztuta daudela eta hainbat arlotan gauzak sakon aldatu beharko direla hurrengo urteetan.

Guri interesatzen zaizkigun hezkuntza soziolinguistikoari dagokionez, orain arte egindako prozesuan zenbait gauza argi gelditu zaizkigu. Hiztun elebidunen kasuan, hizkuntzaren jabekuntzak ez dakar automatikoki hizkuntza horren erabilera, ezta hizkuntza horrekiko atxikimendua ere. Erabilera eta atxikimendua baldintzatzen dituzten faktore nagusien artean, zuen lantokian, begirada entrenatzen baduzue, erraz ikusiko dituzuen bi ekarriko ditut hona: hiztun elebidunen gaitasun erlatiboak, batetik, eta, bestetik, Bourdieuk definitu zuen azoka linguistikoa.

  • Lehenengoari dagokionez, kontuan hartu behar da komunikazioak eskatzen duen eraginkortasunak eta baliabideen ekonomiak erabat bideratzen dutela hiztuna hobekien menperatzen duen hizkuntza hautatzera. Komunikazioaren bidez gure harreman sarea ehuntzea dugu helburu nagusia eta hori arrakastaz lortzeko gure burua eroso eta eraginkor sentitu behar dugu. Baina komunikazioa ez da hiztun baten kontua, izaera zirkularra dauka eta mezua igorlearen eta entzulearen artean sortzen da. Beraz askotan hizkuntza hautatzeko unean hiztunen arteko gaitasun erlatiboak agintzen du. Zein da sintonizatu dezakegun kanalik erosoena? Errepikapen, gaizki ulertze eta, beraz, energia xahutzea aurreztuko diguna? Izan ere, askotan kontua ez baita soilik norberaren hizkuntza gaitasun erlatiboak, komunikazioa gertatzen den hiztunen multzoan dagoen indar korrelazioa baizik. Esan bezala, erreparatzen baduzue, askotan horrelakoak ikusiko dituzue zuen ikasleen jokabideetan.
  • Baina bada bigarren faktore bat hizkuntzen erabileran eta hiztunen autoestimuan eragin handia duena, gizartean orokorrean eta hezkuntza zentroetan. Faktore hori da, burtsan ariko bagina bezala, hizkuntzek gizartean duten kotizazioa, lehen aipatu dudan Bourdieu soziologoaren “azoka linguistikoa”. Beste modu batez esanda, hizkuntzen hierarkian nire hizkuntzak, edo erabiltzen dudan hizkuntza aldaerak, hizkuntza motak, duen prestigioa eta ematen didan kapital sinbolikoa.

Ulertu behar dugu hizkuntzaz jabetzearekin batera, hizkuntza erabiltzeko jakite oso bat barneratzen dugula: non erabili eta non ez, norekin komeni den eta norekin ez. Hizkuntza minorizatuaren kasuan, esan beharrik ez, sumisio linguistikorako mekanismoak txiki txikitatik barneratzen ditugu.

Beraz, hizkuntza hautua ez da ustez bezain askea, egiturak eta egoerak baldintzatzen dituzte hiztun elebidunen hautu linguistikoak eta arau sozialak hausteak ondorioak dauzka. Hezkuntza zentroetan azoka linguistikoaren arauak ere erraz ikusiko dituzue.

Ideia horrekin lotuta, esan behar dut, euskararen biziberritzen prozesuari esker, hiztun mota asko dauzkagula gaur egun gure hizkuntza komunitatean, bakoitza bere biografia linguistikoaren araberako indargune eta ahulguneekin; eta badirudiela hiztun mota batzuk beste beste batzuk baino kotizazio hobea (kapital sinboliko gehiago) lortzen ari direla euskararen gure azoka linguistikoan. Baina argi izan behar dugu euskararen biziberritze prozesuak denok behar gaituela hiztun legitimo eta, batez ere, behar duguna dela hiztunak, solaskidearen hizkerako ñabardurak ezin gaindituta, erdararako konbergentzia errazera ez lerratzea.

Esandakoengatik eta egiturazko bestelako faktoreengatik (herriko hiztun elebakarren dentsitatea, esaterako) ezagutza eta erabilera datuak gaur egun ezin dira berdindu. Baina unibertsal bat da hizkuntza erabiltzea baldintza ezinbestekoa dela ezagutzan nahikotasuna lortzeko. Hortaz, euskararen erabilera eskasa bada, hiztun askoren gaitasun linguistikoa edo gaitasun mota batzuk, gutxienez, prekarioak izanen dira. Beraz, ezagutzak baldintzatzen du erabilera eta erabilerak ezagutza, txanpon beraren bi aldeak baitira. Baina zuen lanbidean harago joan behar duzue, euskara ikasteko hizkuntza bada, euskara nahikotasunez ez menperatzeak ondorio akademikoak izanen dituelako. Erabilera-jabekuntza-gaitasun akademikoak, hiru osagaien arteko kateatzea argi badugu, konturatuko gara euskararen erabilera hezkuntza zentroetan ez dela soziolinguisten obsesioa, kalitatezko irakaskuntza lortzeko baldintza baizik.

Nolako ikasleak, nolako irakasleak

Aipatutako kontuek bigarren hezkuntzako zentroetan aurkituko dituzuen ikasleen ezaugarriak moldatzen dituzte:

  • Hizkuntza praktikei dagokienez, hiri eta herri askotan, ikasleek nagusiki erdaraz egiten dute; haien artean eta, batzuetan baita irakasleei ere.
  • Oro har, hizkuntza minorizatu bateko hiztuna izateak zer esan nahi duen ulertzen ez duten gazteak dira eta topiko linguistiko guztiak errepikatzen dituzte: euskara zaila da, txikia, ez da modernoa… Ezagunak dira hizkuntza minorizatu guztiei egozten zaizkien topikoak.
  • Hautu linguistikoa librea eta norberarena dela sinesten duten ikasleak.
  • Bizipen negatiboak bideratzeko tresna egokirik gabe, euskararekiko atxikimendu eskasa edo atxikimendurik ez duten ikasleak.
  • Beste ikasle batzuen barne gatazka ere ikusiko duzue: erabili nahiko lukete baina ez dute nahiko tresna linguistikorik adierazi nahi dutena adierazteko: “nahi baina ezin”.

Egoera horretan, ez da nahikoa zuen ondorioa izatea “ikasleek ez dute erabili nahi”. Orain arte esandakoarengatik ulertzeko duzue hori sinplekeria bat dela, irakasle bezala daukazuen ardurari behar bezala ez heltzeko aitzakia. Erabili nahi ez izatearen atzean dagoena ulertzen saiatu behar duzue, irakasle eta tutore bezala ikasleak laguntzeko; nik gauzak ikusten ditudan bezala, hiru funtzio nagusi dituzuelako gai honi dagokionez:

  • Ikasteko behar duten hizkuntzan, hau da, euskaraz, ikasleek egoki eta eroso komunikatzeko gaitasun nahikoa lor dezaten baldintzak sortzea.
  • Ikasleei tresna kognitibo eta emozionalak ematea hiztun gisa garatzeko eta gizartean modu asertiboan aritzeko. Euskaldun izateari buruz mintzatzeko espazio segurua eman behar diezue, inor epaitu gabe.
  • Hizkuntzarekin erabat lotuta dagoen euskaraz ekoiztutako kultura ezagutaraztea eta gazteei euskaraz sortzeko gogoa piztea. Kulturaren transmisioa aipatzen dut, oro har, lehen hezkuntzan euskarazko kultura transmititzeko egiten den lana bigarren hezkuntzan mozten delako. Gaztetxoek euskaldunen komunitatearekin konektatzeko kulturak ematen duen marko sinbolikoa behar dute. Beren adinaren eta gustuen araberako erreferenteak eta kultura sortzeko baliabideak ezagutu behar dituzte. Marina Garcesek dioen bezala, kultura ez delako tresna, beharra baizik. Ikasle batzuek izanen dute hezkuntza zentrotik aparteko iturriak eta aukerak euskaraz egindako kultura ezagutzeko, baina beste askok institutua izanen dute aukera ia bakarra.

Pentsatuko duzue agian gauza horiek euskara irakasgaian landu behar direla, baina nik beti azpimarratzen dut gaitasun linguistiko zehatzak agian euskara irakaslearen kontuak direla baina den-denak izanen zaretela komunikazio irakasleak. Komunikazio ereduak izanen zarete, ezinezkoa baita ez komunikatzea, egunero eta uneoro egiten dugu, baita isiltasunaren bidez ere.

Euskara irakasgaia aipatu dudanez, euskara irakasteko didaktikari buruzko ohar bat egin nahiko nuke. Galdetu beharko genioke gure buruari ea helburua den ikasleen trebetasun linguistikoak hobetzea edo hizkuntzalari txikiak sortzea. Haur eta Lehen Hezkuntzan behar komunikatiboetan oinarritutako hizkuntzaren didaktika egiten bada, zergatik ez da horrela jarraitzen ikasleek adinean aurrera egiten dutenean eta dauzkaten behar komunikatibo berriak asetzen lagundu?

Beraz, egia da euskara irakasleek erantzukizun berezia izanen duzuela, baina esan dudan bezala, agian denak ez zarete izanen hizkuntza irakasleak, baina denok izanen duzue ikasleak komunikatzaile onak izan daitezen ekarpena egiteko aukera, eta ardura gehituko nuke. Beraz, ahozko komunikazioari lekua eman (oraindik kontrakoa sinetsita bagaude ere, ahozko trebetasunak giltzarriak dira gaur egun edozein lanpostutan), erregistroak, hizkuntza aldaerak, erabiltzeko egokitasunari erreparatu (hizkera mota bakoitza noiz eta non erabili behar den daukagun desordena orokortua ordenatzen lagundu) eta erabilerarako motibazioa elikatu, noski.

Baina kontu honetan zailena zera da: lortu beharko duzuela euskaraz egitea haiek, ikasleek, nahi dutelako, ez zuek nahi duzuelako. Eta hori arte bat da. Soziolinguistikak giltza asko emanen dizkizue, baina haiek entzuteko arreta eta enpatia handiak beharko dituzue.

Beraz, hezkuntza soziolinguistikoa ezin da izan euskara mintegiaren edo gaiarekin kezkatuta dagoen irakasle multzoaren ardura. Zentro osoko profesionalen ikuspegia eta elkarlana behar da, baita jokabide koherente eta bateratuak ere, emaitza emanen duen lan sistematikoa eta jarraitua planteatu behar bada.

Dentsitate guztietan

Orain arte esandakoarengatik zuetako batzuk agian pentsatzen ari zarete: ados, baina hau guztia pertinentea da euskaldun gutxi bizi diren eskualdeetan, hiztun elebidunen dentsitate handiko herrietan horrelako arazorik ez baitago. Ba, sentitzen dut esatea gauzak ez direla horren sinpleak.

Gaur egun digitalizazioak dena hurbildu eta berdindu du. Gero eta antzekoagoak dira hiztun guztien aisialdi eta kultur ohiturak eta jakina da joera ez dela esparru horretan euskararen erabilera erraztea.

Baina fisikoki ere, mugikortasuna gero eta handiagoa da eta askotan mugitzen gara gure bizitokian ez dagoen egoera soziolinguistikora ikastera, kirola egitera edo asteburuko aisialdiko jardueretara. Hau da, gero eta funtzio sozial gehiago egiten ditugu gure ohiko bizigunetik kanpo.

Are gehiago, euskal hiztunen dentsitate handiko gunetan bertan ere, arnasguneetan esan dezagun, gero eta gehiago dira (eta gero eta gehiago izanen dira) gaztelaniaz euskaraz baino hobeki moldatzen diren hiztunak eta oso garrantzitsua izanen da belaunaldi berriak horiekiko solasaldietan erdararako konbergentzia ez egiteko trebatzea.

Beraz, ikusten duzue, helburuak eta lehentasunak agian ezberdinak dira, baina leku guzti-guztietan dago ikasleen ekosistema komunikatiboa zaintzeko beharra.

Irakaskuntzan, kontzientzia eta jakintza soziolinguistikoa beharrezkoak dira

Esandako guztiarengatik azken garaian ahots asko esaten ari dira soziolinguistikak hezkuntzan sartu behar duela. Indarrean den curriculum ofizialak berak jasotzen ditu ikasleen komunikaziorako konpetentziak eta euskararen erabileraren aldeko portaera asertiboak lantzeko beharra. Ematen duenez, Unibertsitatean Sartzeko Proba (UsaP) gaitasun soziolinguistikoak ebaluatzen hasiko da. Baina, barkatu, hori ez ote da, etxea teilatutik egiten hastea?

Izan ere, sinetsita nago soziolinguistika zuek, irakaslegaiek, ezagutu behar duzuela, ez zuen ikasleek. Soziolinguistika marko orokorra da, pedagogia edo didaktika diren bezala, irakasteko modu egoki bat sortzeko lanabesa, ez Batxilergoko ikasleek UsaPerako ikasi behar dituzten zenbait kontzeptu edo gairen zerrenda. Kontzeptuek ez dute ikasleen atxikimendu linguistikoa emendatuko, ez dute hiztun gisa dauzkaten gatazka eta korapiloak askatzen lagunduko. Zuek bai egin dezakezue hori, ikasleekin izanen dituzuen eguneroko harremanetan, benetako hezkuntza soziolinguistikoa praktikara eramanez.

Beraz, eskatu formazio soziolinguistikoa. Zuen ikasleen ongizatea hobetuko da eta, ondorioz, irakasle bezala izanen duzuen asebetetze profesionala ere bai.

[1] IGOA, Irakaslegaien Ohartze eta Ahalduntze Soziolinguistikoa (EHU-HEFA). Proiektuari buruzko informazioa: 2025eko Udaltop jardunaldia

[2] MSB, Motibazioa Sustatzeko Baliabideak (EIBZ-Nafarroako Gobernua)

Haize-arrosa baten marrazkia non haizeen izenak katalanez idatzita dauden.