Ikerketek eta estadistikek sailkapenak behar dituzte: dena kategorietan bildu. Inkesta soziolinguistikoaren testuinguruan, esaterako, “hiztun berriak” kategoria sortu zen aspaldi euskararen berreskuratze prozesuaren indargunerik garrantzitsuenetariko bat irudikatzeko; hau da, hizketan ikasi zutenean, euskara ez zen beste hizkuntza batean ikasi zuten euskaldun guztiak multzokatzeko. Hiztun horiek guztiak irabaziak dira euskararen komunitatearentzat eta komeni da, jakina, ongi zenbatzea eta ikertzea.
Arazoa sortzen da horrelako terminoak ikerketa eta akademiaren esparrua gainditu, eta edozein testuingurutan erabiltzen hasten garenean. Pertsona ezezagunen arteko aurkezpenetan, euskalkian egiten ez duen hiztunak honako galdera hau entzunen du nongoa den eta non bizi den erantzun eta gero: Hiztun berria zara?
Horrela, gure egoera hobeki ulertzeko asmatutako kategorizazio teorikoa errealitate ia ukigarri bihurtzen dugu eta, hara!, sortu dugu euskaldunen arteko binarismoa: hiztun berria edo hiztun zaharra, ihes egiterik ez dago. Sailkapenak, bistan da, hierarkia dakar: hizkera batzuk beste batzuk baino zilegiagoak dira eta hobeki kokatuta daude gure azoka linguistikoan.
Ez da kontu berria, dena den. Aspaldikoa dugu euskaldunberri eta euskaldunzahar binomioa. Orain ez omen da bereizketa politikoki zuzena, ordea, nahiz eta euskaldun berrien fenomenoa (gazte edo helduaroan euskara ikasitakoak) euskal komunitateri azken hamarkadetan gertatutako gauzarik garrantzitsuenetako bat izan. Euskaldunberri terminoak galdu behar ez dugun esanahi politikoa dauka, nire ustez. Baina hori beste kontu bat da. Azken garaian, “hiztun berria” terminoa zabaldu zaigu, nahiz eta nahasgarria eta ez oso funtzionala izan, zakuan berdin sartzen baitira euskara haur eskolan ikasi zutenak eta 16 urtetik gora euskaltegian ikasten ari direnak.
Neohiztunak edo paleohiztunak, beraz. Feminismoan ikasi dugu binarismoak onura gutxi ekartzen dituela. Euskal hiztunen artean berdin gertatzen delakoan nago. Hiztun bakoitzak badu bere historia linguistikoa eta bere hizkera eta jasotako baliabideen eta izandako aukeren arabera sortu du bere nortasun linguistikoa, sailkaezina.
Ahaztu ditzagun, bada, hiztunen multzoak eta kategoriak eta prestigioa eman diezaiegun hizkera mota guztiei, “azentukeria”[1] elikatu nahi ez badugu: hiztunak baliabide komunikatibo jakin batzuk erabiltzeagatik jasaten duen bazterkeria.
[1]“Azentukeria” edo “azentismo” hitza (pertsona bat bere azentuarengatik diskriminatzea) Quebeceko Frantsesaren Bulegoak onartu zuen, Luis Zuñiga txiletar-kanadarraren ekimenez. Luis Zuñiga bitan kaleratu zuten lanpostutik erabiltzen zuen frantsesaren azentuarengatik.