ROSA RAMOS ALFARO
1989. urtean lanean hasi nintzenetik, asko dira ondoan izan ditudan lankideak administrazioan, lan teorikoan edo euskara elkarteetan. Lana sormen kolektibotzat jo dut beti eta lanbideko unerik hoberenak elkarlanaren emaitzek eman dizkidate. Hamarkada hauetan ikusi dut arrakasta honako baldintza hauen baitan dagoela: oinarri teoriko sendoaren babesa, aliantzen indarra eta proposamenen malgutasuna. Azken garaian gero eta garrantzi handiagoa ematen diot formazioa, ikerketa eta esku-hartzea prozesu beraren alderdi ezinbestekotzat hartzeari.
Ibilbide profesionala
Tokiko administrazioko euskara teknikaria 1989. urtetik 2021. urtera (Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Garesko Udala eta Berriozarko Udala) beti saiatu naiz uztartzen lan teknikoa eta soziolinguistikaren lanketa. Horrela, zenbait argitalpen kaleratu ditut Hizkuntza Plangintzari buruz, Nafarroako egoera demolinguistikoari buruz eta euskararen biziberritze prozesuari buruz. Gai horiekin lotutako ikastaro eta hitzaldiak eman ditut Soziolinguistika aplikatua zabaltzeko eta sustatzeko. Soziolinguistika irakasgaia irakatsi nuen EHUko Euskalduntze eta Alfabetatzerako Graduondoan eta, hainbat urtez, UEUko Soziolinguistika Saileko kidea izan nintzen. Elkarlanean aritu naiz, halaber, Soziolinguistika Klusterrarekin eta Euskaltzaleen Topagunearekin unean uneko proiektuetan. 2016. urtetik euskaltzain urgazlea naiz.
2022ko irailean jaio zen nire proiektuen oraingo biltokia: Uharri Soziolinguistika Aplikatua.
Lanaren ezaugarriak
OINARRI TEORIKOA
“Ez dago ezer praktikorik teoria on bat baino”. Apalategietan gelditzen den teoriak ezer gutxi lortuko du, gutxiago hausnarketarik gabe abiatzen den ekintzak.
formazioa, ikerketa eta esku-hartzea uztartuta
Erronka ez da formazioa, ikerketa edo esku-hartzeak diseinatzea eta inplementatzea, desafioa da dena uztartzea: formazioaren bidez egoerak aldatzea edo esku-hartzea gidatu behar duena ikerlari jartzea.
ALIANTZAK
“Bakarrik zaila da, taldean ez”. Edozein proiektu martxan jartzean alboetara begiratu eta antzeko lanak egiten ari direnekin edo antzeko interesak dituztenekin zubiak eraiki.
MALGUTASUNA
Ezin da proiektu bera bi aldiz gauzatu, ezta hitzaldi bera bi aldiz eman ere. Leku eta xede-talde bakoitzak bere egoera eta baldintzak dauzka.
Argitalpenak
Ahozko gaitasuna eta hizkuntzaren atxikimendua komunikazioaren jokalekuan.
Hiztunen jokabide linguistikoa gaitasun erlatiboak eta hizkuntzekiko atxikimenduaren nolakotasunak baldintzatzen dute. Artikuluak bi faktore horien arteko harremana azaltzen du, gazteen ahozko jardunaren testuinguruan, batez ere.
Ikasleen motibazioa handitzea, euskararekiko atxikimendua hobetzeko bidea (2021) Y. Olasagarre eta R. Ramos, Bat aldizkaria, 120. zk.
Ikasleen hizkuntzarekiko motibazioa lantzerakoan kontuan hartu beharreko gako nagusien azalpena eta Motibazioa Sustatzeko Baliabideen blogaren aurkezpena.
DBH-ko ikasleen hizkuntza atxikimendua hobetzeko ikerketa eta esku hartzea (2019) Y. Olasagarre, R. Ramos eta C. Vilches, Iruñea: Nafarroako Gobernua
2016-17 ikasturtean Nafarroako bigarren hezkuntzako ikastetxeetan egindako ikerketaren argitalpen digitala.
Euskara Nafarroa Garaiko Administrazioan (2006), Bat aldizkaria, 58. zk.
Bat Soziolinguistika Aldizkariak Nafarroa Garaiko egoerari eskainitako zenbakian administrazioari buruz argitaratutako artikulua: erabilerarako baldintzak foru eta estatuko administrazioan eta, batez ere, euskararen erabilera arautzeko tokiko administrazioaren ordenantzen ekarpena.
Euskara Nafarroa Garaian. Iraupenetik garapenera? (2006) D. Anaut eta R. Ramos, Bat aldizkaria, 58. zk.
Bat Soziolinguistika Aldizkariak Nafarroa Garaiko egoerari eskainitako zenbakirako Dabid Anautekin batera idatzitako artikulua: eskualde soziolinguistikoak, iraupenaren eta garapenaren arteko tentsioa eta jarrerei buruzko azalpenak.