Bloga

Soziolinguistika aplikatua

“ Ez dago ezer praktikoagorik teoria on bat baino” esaldi ezagunari bigarren parte bat gehitu beharko genioke: “Ez dago aplikatzen ez den teoria baino ezer alferrikakoagorik”, apalategietan gelditzen diren ikerketek eta ekarpen teorikoek ez baitituzte euskal hiztunen bizi baldintzak hobetzen.

Ezinbestekoa da, beraz, soziolinguistikaren alderdi teorikoaren eta aplikatuaren arteko zubi-lana sendotzea, zubi erabilgarri eta erosoa; lan teorikoak praktikan ikusi eta frogatutakoa kontuan har dezan eta lan praktikoak ekarpen teorikoen araberako proposamen eguneratuak egin ditzan. Horregatik soziolinguistika aplikatuaren aldarrikapena.

Soziolinguistika aplikatuak, halaber, eskatzen du formazioa, esku-hartzeak eta ikerketa ez daitezela izan eremu isolatuak. Ikerketari dagokionez, aztertutako egoera aldatzeko helburua izan behar du eta esku-hartzeak proposatu. Gainera, ezinbestekoa da ikerketak lortutako jakintza formazioaren eta dibulgazioaren bidez sozializatzea. Formazioa dela eta, eraginkorra izateko, eragileak jarri behar ditu intereseko eremua ikertzen eta esku-hartzeak gauzatzen eta ebaluatzen. Azkenik, esku-hartzeei buruz esan behar da huts eginen dutela landu beharreko eremua ikertzen ez badute eta parte hartu behar duten eragile eta hiztunen formazioa zaintzen ez badute.