Ohiturak ez du dena azaltzen. Neurri handi batean, hizkuntza gaitasun erlatiboek erabakitzen dute hiztun elebidunen jokabide linguistikoa. Norberak dakizkien hizkuntzetan aritzeko trebetasun desorekari begiratu behar zaio, batetik; bestetik, mintzakideen arteko gaitasun erlatiboari.
Euskaldunen demolinguistika irakurtzeko modua irauli zuen Iñaki Urrebasok 2022. urtearen amaieran argitaratutako tesian [1]. Datuen azterketan hiztunaren gaitasun erlatiboari zentralitatea eman zion, euskaldun (ia) guztiak elebidunak garenez, zein hizkuntzatan moldatzen garen errazago erabakiorra baita hizkuntza aukeratzerakoan. Komunikazioaren legea da hori: eraginkortasunez komunikatzeko daukagun tresnarik hoberena aukeratzea, hain zuzen.
Elebitasun orekatua zaila da, eta gehienok hizkuntza bat bestea baino zorrotzako, trebeago, erregistroetan aberatsago daukagu. Iñaki Iurrebasok irudian laburtu bezala (Larrun, 2023ko martxoa), datuak hiztunen ahozko hizkuntza gaitasunaren arabera aztertzen baditugu, egoera izugarri desorekatua da.
Desorekak erabat baldintzatzen du euskaldunen jokabide linguistikoa; izan ere, komunikazioan ezin diogu mezuaren igorleari bakarrik begiratu, komunikazioa zirkularra baita: hiztunaren eta entzulearen artean negoziatu eta adosten dira komunikazioaren kanala, erregistroa eta gainerakoak. Horregatik mezua eraikitzen duten hiztunen arteko gaitasun erlatiboa ere erabakigarria da; hau da, hizkuntza aukeraketa ez da soilik hiztun bakoitzaren gaitasun pertsonalaren araberakoa; hizketaldiko partaideen arteko gaitasun mailan egon ohi diren ezberdintasunek ere baldintzatzen dute hizkuntza bat edo bestea aukeratzea, Mackey-k Bat aldizkarian aspaldi azaldu zuen moduan [2] (1994:86):
Bi solaskide badituzu eta biek gaitasun berdintsua badute, gaitasun maila zehatz batetik aurrera -normalean maila nahiko handia- biek edozein hizkuntzatan hitz egingo dute, baita bertakoan, hemengo kasuan adibidez, euskaraz.
Aldiz, euskarazko gaitasun maila desberdina badute eta gaztelerazkoa berdintsua, maila berdina duten hizkuntza aukeratuko dute hitz egiteko, hau da, kasu honetan gaztelaniaz hitz egingo dute konturatu gabe ere. Beste era batean esanda: hizkuntz aukeraketa gaitasun erlatiboko afera da gizaki elebidunengan.
Kontua, beraz, ez da soilik norberaren hizkuntzen arteko gaitasun erlatiboa. Kontua da mintzakideen arteko hizkuntza-gaitasun erlatiboek kanal orekatua edo desorekatua marrazten duten.
Komunikazioaren ekonomiak agintzen du kanalik orekatuena bilatzearen premian, mintzakideek esfortzurik txikiena egitea bilatzen baitute mezuak helarazteko orduan; gaizki-ulertuak edo errepikatu beharrak ekidin nahi dituzte, azken finean. Horretan datza Euskaraldiak sustatutako eta erabilera tasa handitzeko horren beharrezkoak dauzkagun elkarrizketa asimetrikoen zailtasuna (euskaraz ulertzen duten pertsonekin euskaraz egitea, nahiz eta haiek nahiko gaitasunik ez izan euskaraz mintzatzeko eta guri erdaraz erantzun).
Azpimarratu nahiko nuke hizkuntza hautua “konturatu gabe ere” egiten dugula, Mackey-ren hitzetan. Izan ere, gure jokabide linguistikoak azaltzeko ohiturari egotzi ohi diogu arrazoiaren pisurik handiena, baina iruditzen zait badaudela ezkutuan pasatzen diren indar erabakiorragoak, aipatu dugun hiztunen arteko gaitasun erlatiboa, esaterako.
Beraz, mintzakideen arteko gaitasunen desorekaren legeak azal dezake euskaraz erdaraz baino hobeki moldatzen den hiztun elebidunak ere lehen hitza gaztelaniaz edo frantsesez egiteko joera izatea, baldin badaki mintzakidearen euskarazko maila ez dela ona.
Zenbat eta gehiago sakondu komunikazioaren arau unibertsaletan orduan eta hauskorragoa eta prekarioagoa ikusten dut hiztun elebidunen euskararen aldeko hautua, eta, neurri berean, gero eta balio handiagoa ematen diot gaztelaniaz hobeki moldatu arren euskaraz egiten duten hiztunen jokabideari, maiz jokabide inkoherentea, partziala eta inperfektua bada ere.
[1] Iurrebaso, I. (2022). Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa. Doktore tesia. EHU.
[2] Mackey, W. (1994). “Elkarrizketa: Hizkuntz gaitasuna da faktore erabakitzailea” Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 13-14: 86.or.